Tokiko enplegua eta udal zerbitzuen sendotzea dira Leioako Udalak 2025erako ezarri dituen lehentasunetako batzuk. Helburu horrekin, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatutako laguntzen bidez, deialdi berri bat jarri da abian, udalerriko proiektu estrategikoetan parte hartuko duten 17 pertsona hautatzeko. Hautatutakoek sei hilabeteko kontratua izango dute, eta “Auzoko Laguntzaileak” nahiz “Udalerriko ardatz estrategikoak indartzea” egitasmoetan jardungo dute.
“Auzoko Laguntzaileak” programak herritarren eta Udalaren arteko hurbiltasuna eta komunikazioa areagotzea du ardatz, eta mugikortasunaren, hondakinen kudeaketaren edo bizikidetzaren inguruko ohitura arduratsuak bultzatzea. Horrez gain, informazio-, sentsibilizazio- eta laguntza-lanak garatuko dituzte udal zerbitzuekin elkarlanean, herritarren egunerokoan eragin zuzena duten alorretan.
Tokiko ardatz estrategikoen indartzea
Bigarren egitasmoak aukera emango du profil profesional anitzak txertatzeko turismoa, komunikazioa, euskara, gizarte zerbitzuak, herritarren partaidetza edo lan-kudeaketa bezalako arloetan. Horrela, udalerriko zerbitzu publikoen kalitatea hobetzen lagunduko da, eta Leioaren garapen iraunkorra sendotuko da ikuspegi integral batetik.
Enplegua sustatzeko konpromiso sendoa
Ekimenak udalerriko enplegua sustatzeko estrategiaren parte dira, lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei aukera berriak emateko eta Leioaren garapen ekonomiko zein soziala indartzeko. Interesdunek Lanbiden izena emanda egon beharko dute eta beren datuak Behargintza Leioan eguneratu ahalko dituzte. Deialdiari buruzko informazio guztia Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko da; lan-eskaintzak jada ikusgai daude Lanbideren atarian.
Udalak nabarmendu du horrelako programek tokiko enplegua sortzen eta udalerriko ehun sozial-ekonomikoa sendotzen dutela, erakundeen arteko lankidetza sustatuz eta herritarrentzat benetako lan-aukera berriak zabaltzen lagunduz.