Maruri-Jatabek aho batez onartu du 2026ko aurrekontu historikoa

Udalak 1,96 milioiko kontuak onartu ditu, inoizko handienak
Maruri
Maruri-Jatabeko Udala / Maruri-Jatabeko Udala

Maruri-Jataben, 2025eko abenduaren 3an.– Maruri-Jatabeko Udalak, osatzen duten talde biek —EAJ-PNV eta EH Bildu— aho batez onartu dute 2026ko udal aurrekontua. Guztira, 1.960.910 euroko kontuak izango ditu urte berriak, udalerrian inoiz onartu den zenbatekorik handiena, eta tokiko zerbitzuak eta udal azpiegiturak hobetzeko bidean beste urrats bat markatzen du.

Erlantz Urresti Olasagaste alkateak adierazi duenez, «aurrekontu hau akordioaren, erantzukizunaren eta elkarlanean jarraitzeko borondatearen emaitza da», eta bi alderdiek babestutako dokumentuak «egonkortasuna eta beharrezko inbertsioak» bermatzen dituela nabarmendu du.

Inbertsio estrategikoak: 190.000 euro herriko egunerokoan eragiteko

Aurrekontuek 190.000 euro bideratzen dituzte inbertsioetara, honako ekintzetan zehaztuta:

  • 100.000 euro haur-eskola berria hartuko duen udal-lokala birgaitzeko. Proiektu hau ezinbestekoa da familiei kalitatezko hezkuntza-zerbitzua eskaintzeko.

  • 66.000 euro Billabaso, Ianduri eta Goieta auzoetako arekak asfaltatzeko eta hobetzeko, segurtasuna sendotuz eta landa-bide sarearen mantentzea indartuz.

  • 30.000 euro bidezidorrak eta pistak zaindu eta seinaleztatzeko. Partida hau EH Bilduk proposatu du, herriko espazio naturalak zaintzen jarraitzeko.

Etorkizunera begira: kudeaketa arduratsua eta herritarren ongizatea ardatz

2026ko aurrekontuek kudeaketa zorrotza eta iraunkorra sendotzen dute, udalerriko bizilagun guztien ongizatea hobetzea helburu. Aho bateko babesak erakusten du Udaleko taldeek duten lankidetza-gaitasuna eta herriaren aldeko ikuspegi bateratua.

«Akordio honek bermatzen du Maruri-Jatabek aurrera egiten jarraitzea. Herri txikia gara, baina anbizio handiko proiektu argiak ditugu», adierazi du alkateak.



Cover Art
0:00 0:00